Urrugne.info  

   Urru ñako argibideak

  Urruñarren webgunea

 Le site web desUrruñar

Urruñako argibideak zuzenean     les informations sur Urruña en direct       gure hautetsien ikusmoldea     le point de vue de nos élus    

Urruñarren mintzalekua /  La tribune des Urruñar

     Zure ikusmoldea agertarazi nahi ? idatzi e-mail hontarat                                   Ecrivez-nous, nous publierons vos textes

herritarrak@urrugne.info

 

Mugara heldu       

Filipe Bidart ezagutzen dugunok badakigu ez lukeela bere burua agertu nahi militante berezia bezala,  beste preso baten gisan baizik. Bere ondoan egunak hilabeteak eta urteak pasa dituztenek badakite helburutzat duen bakarra herri honen askatzea dela. Ez du bere buruarentzat inongo errextasunik eskatzen, hasitako borroka jarraitu eta urratsez urrats bere parte hartze xumea eskaini bakarrik.

Alta, duela hogei urteko girora itzultzen bagara, beste askorekin batera noski, Ipar Euskal Herrian askatasunaren alde sortu zen mugimendua ezagutu genuenontzat, giroa nolakoa izan zen gogoan dugu oraindik, Euskal Herriaren askatzearen aldeko eskakizunak zer maneretan eraman ziren, zer ausardia, zer determinazio, zer kuraia izan zen mugimendu horren barnean, frantses estatuari aurre egiteko prest, atzo goizeko estatu imperialista ez denaren aurka joateko, manipulazioan esperientzia handikoari erantzuna emateko. Inarrosaldi izigarria izan zen, benetazko iratzartzea ! Ipar Euskal Herrian eraman behar zen lana bertako jendearen gakoetan, bertako poderearen araberan eraman behar zela eta, hala antolatu zen. Eraginkortasuna oraindik nabari da.

Garai hartako borroka horren ondorioz Filipe gelditzen da preso, beste batzuek bizia galdu zuten. Ez zen axolagabekeriazko borroka bat izan, oldartze xume bat baina benetazko konpromisoa.

Badu hamasei urte Filipe preso atxikitzen dutela eta baldintzapeko askatasunaren ukatzeko argumentazioan bere sinesmenak ez dituela ukatzen azaltzen dute. Trufa!

Gaurko giroa begiratzen badugu, bortizkeria desagertua da, erran nahi baita, zerbaiten lortzeko oztopo egiten omen zuen hura ez dagoela. Baina emaitzak hobetu al dira? Noski, abertzale batzuk bulego ederretan errezibituak dira eta gauza asko eskaintzen dizkigute, diskurtsoen bitartez, parean ditugun eskuin tradizionalako jaunttoek. Entzuten gaituzte, eta oso interesgarriak ere kausitzen dituzte, desagertzen ari diren euskaldun horiek. Ingurumena zaindu nahi dute turista gehiago erakartzeko, eta bideak bilatzen gure herrian euskaldunok guttiengoa bihur gaitezen.

Beraz, zerbait aldatu al da? Ez, Filipe, une honetan itzultzen bazina, gauzak ez direla aldatu ikusiko zenuke. Garai hartako medioak utzi ziren bazterrera eta uste dut onerako izan zela, gazteak kanpoan nahi ditugulako, baina irudimena martxan eman beharko dugu  aterabideak aurkitzeko, herri hau euskalduna nahi dugulako, garai hartan bezala.

Zure baldintzapeko askatasuna ukatu dizute, baina Ipar euskal Herriko karrikak ondoko asteetan oihu batez betetzen hasiko dira, frantses estatuak bere nahikeriaren mugak erakutsi baitizkigu. Karrikak hustu ditugunetik presoen zanpaketa larriagotu dute, horri muga eman behar zaio !

                      Baldintzapeko askatasuna Filipentzat.  

   Hamazazpi urte frantses presondegi desberdinetan egon ondoren, bakartasun politika jasan ondoren, hilabeteak inor ikusi gabe gelditu ondoren,  Filipe Bidartek baldintzapeko askatasuna eskatu zuen urte honen hastapenean, legeak hamabost urte eta gero baimentzen duen bezala. Eskubide hori ukatua izan zaio. Nor harrituko. Euskal presoen inguruko politika ezagutzen dutenek badakite, ekintza politikoan aritu direnei ez zaiela deus barkatzen, dena ukatzen zaiela. Hori da Europa mailan ezkerreko mogimenduek frogatu eta frogatzen dutena. Batisti italiarrak, Action directeko militanteek, Brigada gorrietako militante askok eta nola ez zuzenean ezagutzen ditugun honenbeste euskal militanteak jsaten dutena. Ez dira egin dutenarengatik baitezpada zigortzen baizik eta ekintzaile politikoak izan direlako. Ez da ukatzen ahal biktima asko izan direla eta haiekiko errespetu guziarekin diot, baina justizia egin behar baldin bada, justizia bera izan behar da denentzat. Eta ez da hau gaur egungo errealitatea. Ez Europan ez inon.Gure haurrei erakusten diegun errealitate gordina.

                Filiperi baldintapeko askatasunaren ukatzeko baliatuak izan diren argudioen aipatzea ez du merezi ere hain politikoak diren. Noski, preso politikoa bada eta izaite hau ez badu ukatzen. Hau bai onartezina estadoaentzat.

                Beraz, urriaren 30an Baionan elkartuko gara, baldintzapeko askatasuna ukatu eta gero Filipek egin duen deiaren sostengatzeko. Azaroaren 5an deia iraganen da eta azken erabakia jakinen dugu. Horren prestatzeko sostengu komitea sortu dugu eta ahal bezain bat laguntza eskatu dugu Ipar Euskal Herrian zehar.Jende askok ulertzen du, 17 urte eta gero herriari lotua gelditu den Filipek, gure errealitatearekin urte guzi horietan bizi izan den militanteari, atera orduko lanean aritzeko eremua prest duenari eskubide hori naturaltasunez eskaini behar zaiola legeak baimentzen baitu.

« Plazer egin daut ikustea kolore guzietako abertzaleak elkartzen direla holakoetan. Hobe segurki. Hori da bidea. Denek badakigu baina urratsak emeki emeki emaiten aintzina halere…sobera emeki …Alta, badugu denbora aski galdurik! » Hau da Filipek idazten zidana. Egia baita kolore guzietako abertzaleak bildu baitira deiaren sostengatzeko. Filipek ordezkatzen baitu azken 25 urteetako Ipar Euskal Herrian eraman den borroka, sinbolizatzen du defenditu ditugun ideiak eta prakatikan eman ditugunak. Bakoitza bere xokoan.Permanenterik gabe, funzionariorik gabe, irabazi pertsonalarik gabe, gau asko bilkuretan pasatuz, aste buruetan lan eginez. Egina izan dena ezin da neurtu, ez eta aski eskertu . Herriko jendeak du izerdia bota. Horregatik da hain naturalki ihardokitze hori sinbolizatzen duena hain erreski sostengatzen, eta sostengatuko, ez bada ezagutzen ere.Horrekin ez da beste presoekiko bereizketarik egiten, estadoari erantzuten baizik, ideia bat indarrez gogoratuz : Euskal herriak geroa badu, iraganean hazia ereitean asko eman baita.

 

Komunikabideak zertarako

Azken asteetan komunikabideek erakusten dizkiguten irudiek harrigarriak baldin badira impotentzia baizik ez digu sentiarazten. Egunero palistinaren sufrimendua, familien suntsitzea, iraken normalizatua den tortura… ezin dira irudi horien bilanarik egin ere aurpegira, bihotzera heldu zaigun erasoa gainditzen gaitu. Eguneroko bortizkeri hori zertarako ? Iritzi publikoan eragin bat ukaiteko ? Ezinezkoa ! Iritzi publiko guzien gainetik pasatu baitziren Irakeko gerla abiatzeko. Erantzun bat eragiteko sufrimendu horien geldiarazteko ? Badakite mpotentzia baizik edo erantzun ahula sor lezaketeela ! Beldurraren sortzeko ? Balitake

 

Gomita bat 

                Urrunako bestak berriz ere joan zaizkigu. Lagunen ikusteko aukera paregabea eta elkarrekin ongi pasatzeko oso une egokia. Aukera izaten da ere inguruetako lagunen agurtzeko eta horrela ondoko herrietako hautetsiekin arazo amankomunak aipatzeko, horrela dugu Josu ezagutu. Bere herriari oso lotua, euskalduna, abertzalea, umore handikoa, bestazalea eta musikari eta kantari paregabea. Behar diren osagai guziak harekin ongi pasatzeko, herriko abertzaleekin harreman sakon eta sendoaren sortzeko. Eta horrela gertatu da. Josu denok ezagutzen dugu Urrunan.

                Urrunako herrian oposiziokoak garenok dugu ezagutzen, baina luzaz  harreman asko izan ditu Josuk Urrunako auzapez eta hautetsi nagusiekin, Berako auzapeza zelarik. Ondorioz, urtero, parte hartu izan du Urrunako Herriko Etxeak antolatzen duen besten garaiko bazkari nagusian. Eta aurten ere Josu gomitatu dute Urrunako bestetako bazkari nagusian. Erran nahi baitu Pariseko gobernuari lotutako hautetsiek baztertutako hautetsia komitatu dutela bazkarira, hautetsi ardura balu bezala. Eta hori gutti balitz Donibane Lohitzuneko besten karietara antolatzen duten bazkarira ere gimitatu dute, frantses armadako ministroari hain atxikia den herriak egin du. Hegoaldeko egoeraren berri badutela eta hango martxa jarraitzen dutelaren seinalea . Herrialdeen arteko hurbiltzearen froga ?

                Hori guzia aipatzen zigula eta gomita horiengatik pozten ginela harridura ere ekarri digu Josuk mahai gainera, Bera inguruko herrietako bestarako gomitarik ez duela izan azaltzearekin. Noski, Josu ez da gehiago Berako auzapeza. Baina Josu ez bada gehiago Berako auzapeza, Madrilgo lege bati « esker » izan da, imposatutako lege bati « esker », ez  Berako biztanlegoak eskatzen zuen neurri bati esker, demokratikoa ez den neurri bati « esker », batzuek dituzten jarrerak baztertu nahi izan direlako. Beraz, hori dena kanpotik ikusita oso harrigarria geratzen zaigu, ulertezina baita herri bereko jendeen artean horrelakoak gertatzea, baina lagungarri izaten da historian zehar bortizkeria garaiak hobeki ulertzeko.

                 Josu eta bere ekipa kanporatuak izan badira ez da izan eraman zuten kudeaketarengatik, baina estatuak agindu duen legearengatik. Legeak aldatuak izateko eginak dira, baina badirudi Euskal Herrian berean ez dagoela horrelako presarik lege horren aldatzeko. Urrunago joanez, eta legeari begiratu gabe, Josu auzapez ona zen baina ez zuen behar bezala pentsatzen, beraz Madrildik behar zena egina izan da kanpo emateko. Baina, herrian berean zer gertatu da, errealitate horri ofizialtasuna ematen zaio, auzapeza izandakoari presentatzea ukatu eta deus gertatu ez balitz bezala, egoera normala balitz bezala jokatu eta herriko bestetan ere bazkari ofizialetik kanpo utzi.                                 Huts ttiki horiek aintzina joateko oztopo asko ditugula diote, eta horiek denak gure herrian berean. Gomita bat baizik ez zen, esanguratsua.

                      

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

      Udalbiltzari babesa

Udalbiltzaren berrantolaketarako urratsetan parte hartu ondoren harriduraz hartu ditut azken berriak. Ez da lehen aldia hautetsi batzu mehatsu pean egoten direla. Izan dira preso sartuak, eta askatuak betiko leporaze berarengatik, alegia implikazioarengatik askatasunean ideia batzuen alde lan egiteko izigarrizko presioa jasan behar izan dutenak, pertsona bera eta bere familiarentzat. Baina bai harriduraz, inozentiaz behar bada, Espainak ezagutu duen aldaketak ondorioak izanen zituela uste genuelako, jarduera politikoan aterabiderik gabeko tunelaren sensazioa dugu

Leporatzea oso gauza errexa baita, preso sartu eta askatu, txosten eder bat idatzi  horren justifikatzeko ateratako lege berri baten laguntzaz . Inkulpatuak ez badu ongi ulertu beste lege bat aterako da eta beste inkulpazio bat proposatuko da. Batzuek ez baitute legerik jasaiten, ez eta ere iritzi publikoaren presiorik. Beraz, erran daiteke jokoa aldatu dela, arauak ez direla errespetatzen edo soilik gehiengoaren, poderearen eta indarraren arauak balio dutela. Ados ez dena edo ixilik geratzen da edo inkulpatua izateko arriskua hartzen du edo…

Eta hautetsiok zer egin behar dugu ?

Iparraldeko hautetsiok ez dugu oraindik epaile batzuen erabakirik jasan, baina erabaki arbitrarioak direla argi dugu. Ezker abertzalekoa omen da hunkitzen duten Udalbiltza, hau baita dirudienez ezabatu behar dena. Guri abertzale erratearekin nahiko guttieste,  hautetsi abertzaleoi hemengo politikoen artean ez baitzaigu oraindik diuntasun itsurarik ezagutzen, nahiz eta beste Ualbiltzakoak izan eta egoera bestelakoa dela sinestu nahi izan. Hemen abertzale soil dena susmagarria da.

Baina  ezker abertzalekoa deitzen duten Udalbiltza horretan kokatzen gara, beraz derrigorrez bortizkeriarekin lotzen gaituzte . Merke ateratzen da .

Hamaika pertsona gehiago presondegiratze mehatsu pean, independentziaren kontrako ekintza bat, auto antolaketa, egituraketaren aurkako ekintza bat. Hautetsiak hunkitzen dituzte politikan den inplikazioa mehatxatuz. Jende asko politikaz nazkatua dago, politikaz urruntzen da eremu ustela dela, podere eremua dela eta gero eta gehiago norbera bere munduaz arduratzen da eta politikaren eremua husten du. Oso urras ulergarria eta onargarria deritzot, baina politikara ez bada hurbiltzen, politika da guregana hurbiltzen.

Buru makur ibiliko litaken abertzaletasuna onargarri litake, hitzetan geldituko litekeena, bere gain hartuko ez litzatekeena edo bi estatuen parametroen araberan soilik ibiliko litakeena.

Gaur egun Euskal Herriaren geroa eraikitzeko zazpi herrialdeen gakoak errespetatuz antolatzen den hautetsia presondegiratua izateko arriskua dauka, soilik geroaren pentsatzeko ikuspuntu desberdina izateagatik.

Eremu politikotik aukera independentista kendu nahi dute, horren ordezkariek herriaren babesa behar dute herriak aukera politiko horretan sinisten badu. Baina ordezkaritza politikoa ezagutzen dutenek ere babesa zor diote

 

                                   Etxeko lanak

   Uda bukatzen ari dela eta, atsedena gibelean uzteko unea ari zaigu gelditzen. Oporren garaia gogoetarako egokia omen da baita ere bilanen egiteko. Beraz, momentua aproposa dugu etxeko lanen prestatzeko eta ondoko asteetako beharraren jorratzeko.                                   Lehen kezka ezker abertzalearen berrantolaketari buruz izanen dugu, azken hilabeteetan enfrentatzeko gaitasun eta abilezia handia erakutsi baitugu, baina gero eta zailagoa izanen baitzaigu, oinarrizko helburuak amankomunak ditugularik, militanteei eta boz emaileei  elkarrekilako lana ezinezkoa dela azaltzea. Ez da eginen noski batasun saindu baten beharra senditzen delako, baizik eta gure aldeko informazio egokia eta eraginkorra eramatea sailkatuak izanki ezinezkoa baita. Oinarrizko eskakizunei ez baitzaie erantzunik eman. Elkarrizketaren hautua oso hautu ona izan da, estadoaren goi mailetaraino gure ikuspuntua, gure eskakizunen azaltzeko nahikeria zintzoa erakutsi dugu, baina ondorioak hor dira eta emaitza oso eskasak izan dira. Ez gure erruz,  baina frantses estadoaren logikan gure ikuspuntuak tokirik ez baitu baizik. Egoera honi, elkarrekin, aterabide bat atxeman beharko diogu. Datozen urteetako hauteskundeetan gure emaitzen hobetzea lehentasuna bada eta gure sinesgarritasuna, emaitzen lortzeko alegia, zalantzan dago.            Ingurumenari doakionez, bi gai garrantzitsu izanen ditugu mahain gainean, alde batetik ondakinen bideratzeko eta deusezteko herrien arteko sindikatetan eramanen diren debateak hurbildik jarraitu beharko dira erraustegien eraikitzea gero eta ozenago aipatzen baita. Horri buruz, teknika horri buruz bereziki, abertzaleok dugun ikuspuntua agertu beharko dugu. Osasun publikoa hunkitua baita. Bestaldetik autopistaren zabaltzea erabakia denez, eta horren erabilpen mailan egiten diren prospekzioak ikusiz, garraio publikoaren garatzeko beharra beharko da eskatu. Kostalde osoan, garraio publikoa oso eskasa da, garraio partikularrari  lehentasuna ematen zaio, ingurumenari egiten zaion ondatzea kontutan hartu gabe. 

Alliot-Marie ministroak eramaten duen SCOT edo Herrien antolaketarako koerentzia eskemari buruz, hautetsi abertzaleen artean hasi lana jarraitu beharko dugu, hor baita gure herrialdearen geroa erabakitzen modu piramidalean, teknikari zintzo batzuen laguntzaz eta Pariseko ikusmoldeari erantzunez handizki goraipatzen duten dezentralizazioaren                                                                           Eta noski presoen aldeko jarduerak hor izanen ditugu, hau baita aspaldiko etxeko lana, gainditzen ez dugun ikasgaia, frantses estatuak presondegien ibilmoldean gogortzea baizik ez duelarik erakusten. Kazetari batek ironia erabiliz, Udalbiltzako hautetsien inkulpazioa aipatuz, diru zorroa beteta eraman beharko dutela dio, bermeak garestiak direla eta. Ironia oso estilo aberatsa da, gertaeren gibelean pertsonen eta haien familien angustiarik ez dagolarik.                          Etxeko lan asko, indar aski ?   

 

                                                               Koherentzia

Koherentzia, etika, zuzentasuna, pertsonekiko errespetua, arauen errespetua, hitz guzi horiek garrantzitsutzat jotzen ditugu, baloreei doakienez, erakusteko momentuan, erakaskuntzan gero eta gehiago heziketaren tokia hedatzen ari baita . Balore horiek erakutsi, horien baitan sinesten dugula erran eta saiatu erakusten eta praktikan ematen aritzen gara. Ez dugu seguraski aldi oro lortzen baina horretara joaten saiatzen gara. Eredua praktikatik pasatzen baita bereziki gazteentzat, hitzek beren tokia badute baina praktikari lotua izaten delarik hainbat hobe izaten da.

Baina, gero eta zailagoa da balore horietan sinestea edo behintzat ikusmiran daudenek zailtasun, oztopo eta kontraesan handiagoak jartzen dizkigutelarik. Izan ere, azken aste hauetan ikusi ditugun iritzi aldaketa izigarriak, ezin sinetsiak, aztertu eta, gezurra ematen dute. Alain Lamassoure eurodiputatuak, lege proiektu berri bat proposatzen digularik frantses konstiuzioa aldatzeko, Euskarari bere lekuaren uzteko nola sinetsiko dugu ? Bera izan zen frantsesa errepublikako hizkuntza bakarra bihurtu zuena, Toubon Lamassoure legearen bitartez. Horregatik diogu gure oroimenean hain toki kuttuna gordetzen gizon xarmant horri. Aspaldi ahantzia genuen bestenaz. Baina hor trufatzen da . Ala politikaren profesionalizatzeak politikaria berri baten arraza bat sortu eta orai parlamentuetan daudenak prest daude ideia bat eta bere aurkakoa defenditzeko ! Baina etika, koherenzia eta abar guziak, gizarteak sinetsi behar dituena eta erakutsi behar direnak eritasun larrien biltzeko arriskutan daude.

Bestalde,Jean Grenet, Daniel Poulou, Jean Lassalle, Jean-Jacques Lasserre, Alain Lamassoure eta Michèle Alliot-Marie, Dominique de Villepinekin, Parisen elkartu dira barne ministroak Euskal-Herrira egin behar duen bisitaren prestatzeko. Gure egoerari buruz argitzeak emateko pertsona egokienak noski ! Asmatzen dut haien arteko adostasuna euskarari doakionez, laborantza ganbarari buruz, karikaturazko egoera, ministroak noren ikuspuntua kontutan hartuko duenaren seinalea, ea hartuko dituen neurriak soberakinak ez ote diren galdetzeko biltzarra zitekeen.

Nola izan liteke horelako ordezkaritza dugula Iparralde honetan ? Horrenbeste lan egina eta horretan izatea oraindik, ezin sinetsia da eta erraten digute merezitako hautetsiak ditugula ! Gure etsai amorratuenak izan dira hemengo egoeraren berri ematera ! Betikoak ! Beraz euskararentzat eta ipar Euskal Herriarentzat neurri berriak hartuko dituztela ? Ezin ditugu sinetsi bestenaz etikarik ez dago, koherentziarik ez dago eta pentsatzea MAM ez dela koherentea Frantziaren interesen defenditzeko, hemen eraman izan duen lana ez ezagutzea bada. Donibaneko auzapeza zelarik, besteak beste hautetsi abertzaleei euskaraz egitea debekatzen zien. Koherentea baita.
Beraz, gu ere koherente, jarraikiak eta gure buruari diogun errespetuarengatik, jarrai dezagun eta ordezkaritza hau bota dezagun.

 

 

Plan asko

Zer litzateke gure herria  bidean hil diren eta preso gelditu diren guzi horiek gabe ? Hau zen Daniel Dergiren galdera. Dudarik gabe, galdera honi erantzutea oso zaila bada, haiei esker lortu dena eta bizirik atxiki duten herriarekiko axikimendua ezin neurtua da. Baina gure helburua aintzinean dugu, eta horretan dugu gaur egun arreta guzia eman behar.

 Ipar Euskal Herrian lehen erronka biziko dugu laborantza ganbararekin, laborantza munduak ekarriko duen iraulketa pentsatua, gogoetatua, konzertatua, debatitua eta herritartua ikusiko dugu. Geroa gure gain. Ikastolak sortu zituzten ildo beretik doa laborantza ganbara, tresnak eraiki geroaren aldatzeko, tresna horiek biztanle guzienak izanki, herriarenak.

Erronka handia frantses estatuak orai arte erakusten duen gogorkeriaren aintzinean. Izan ere, estatua ez baita deus egin gabe geldituko, laborantza munduak gure sostengu osoa beharo du jasan beharko duen erasoei erantzuteko

Festa egunek laguntzen gaituzte bizia ederragoa egiten, baina urte berri honen hastapenean zenbat etxeko lan gelditzen zaizkigun neurtuz, indarra eta esperantza landu beharko ditugu. Gure erregaia hauexek izanen baitira, oztopo eta traba asko jarriak izanen baitira. Garai berriek indar harremanak zailtzen baititu, estadoak isileko tresnen erabiltzeko abilezia guzia martxan eman ohi du. Abertzaletasunaren pizteko prozesuak itzaltzen ariko zaizkigu Parisetik, euskal presoen kopurua horren seinalea da eta 2004ean egindako keinuek adierazi digute Frantziaren errepresio politika finkoa dugula aitzinean.

Gazteizko legebiltzareko bozketak bide berri bat ideki digu baina Iparraldektik begirale gisa jasan beharko dugu, ez gara ekintzaile izanen gurekin kondatzen ez duen proiektu batean. ASak zintzoki jokatu du, ez du prosesua trabatuko, Madrid arduratuko da horretaz, nahiz eta dagoeneko ereferrendumaren egiteko bakearen baldintza mahain gainean emana izan den. Ezker abertzalearen proiektua urrunago doa, zazpi herrialdeak kontutan hartuz eraikitzen den planoa nahi dugu, biharko Euskal Herria. Abiadura ttikian doa prosesu hau eta alderdi politikoak horretaz baliatzen joanen dira, EAJ oso azkarra izaten da horretan. Baina abertzaletasuna proiektu oso erakargarria da oraindik belaunaldi berrientzat eta horri begira aintzinatuko gara. Politikoek lan asko izanen dute Ibarretxe planaren inguruan 2005ean. Gu beste eremutan ariko gara, ez baikara plan horretan kabitzen. Plan asko ditugu gogoan, eta gure planoetan partaide izan diren guziak kabitzen dira eta aurrera eramanen ditugu haiekin.Egiturak sortzen eta biziarazten ariko gara oinarria baita, kudeaketa berantago helduko da eta politikeriek dute lekukoa hartuko. Baina helburua argi dugu, balio duen plan bakarra herri honen askapena baita, eta hori ez da hiru herrialdeetako legebiltzarrean kabitzen